2011-03-31

206. pasartea

Ez bata ez bestea agertu ziren, konpartimentu guztietako ateak jada zabalik bazeuden ere. Ez zekien nola interpretatu telefono zenbakia aurkitu izana, eta zenbait hipotesi aztertzeari ekin zion A portrait-en argumentua nahi gabe gogoratzen zitzaiolarik. Jakina denez, gogoa beste gauza batean edukitzeak bidea zabaldu ohi die oroitzapen ezkutatuei.
Erretratuaz maiteminduriko gizona zetorkion burura, berez, beste gaiaz —nork eta zertarako idatzi ote zuen bere telefono zenbakia— pentsatu nahi zuenean. Ez zuen hipotesi bat bakarra formulatzerik lortzen. Derrigorrez, Eduardo Ortiz de Zarate eta gizon kapeladunari loturikoa izan beharko zuela besterik ez zekien.
A Portrait-en amaierak hartzen zion arreta osoa. Bazekien gizonak, azkenean, lortzen zuela erretratuko emakumea aurkitzea, baina ez non eta nola; itsasertzean, iruditzen zitzaion, harkaitz beltz baten irudia baitzetorkion burura, eta gainean emakumea belaunak besoez inguraturik, eserita. Hil egiten zuen, emakumeak gizona, baina ez zen oroitzen nola, oroitzeko eginahal guztiak egin arren, emakumea harkaitz beltz batean baino ez baitzuen ikusten —belaunburuak besoez inguraturik, hori bai—, halabeharraren mende bizia beraren bila eman zuen gizonari so.
Erabat murgilduta zegoen pentsamendu horretan, iristear zegoela konturatu gabe. Ibaia itsasbidearen mehargunean sartu baino lehen, Loiola-Martuteneko zabalduran, trenak, azken bi kilometroetan ohiko atzerapena irabazi ahal balu bezala, abiadura arintzen duenean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario