2011-03-31

173. pasartea

Goardia zibilez nahi izan zuten. Beharbada haietakoren bat ibilia zen goardia zibilez jantzita A-ko tabernak itxiarazten, Losada kaboa hil zutelako mendeku eske. Inor gu­txik imajina zezakeen orduan, Solanatarrez aparte, Daniel Zabalegik hilketa harekin zerikusirik izan zezakeenik, Errezilek eta Betroitzakoak, txantxetan, jefea bera ez ote zen esan bazioten ere.
Iñaki Abaituak, ordea, pantailan bigarren filmaren kredituak azaltzerako, ez zuen dudarik. Ziur zegoen masaila moredun gizona, zeinen izenik ez baitzekien artean, Ortiz de Zaraterekin nahastuta zegoela ekintza hartan, eta auskalo beste zenbatetan. Ziurtasun hori zuen, lehenbiziko planoari itxaron gabe kalera irten zenean.
Hiria distiratsu ageri zen euri zaparrada jausi berriaren ondoren, eta jendetza ugaria zihoan Diagonaletik barrena, aterpeetatik aterata, beste jasa baten beldur, presaka eta noraezean, inurriei inurritegia desegiten zaienean bezala. Barkamen eskaera ongi ikasiz lagundutako bultzada eta ukalondoen indarrez, espaloi ertzean libre geratzen zen pasabidea bereganaturik, handik jarraitu zuen, kalean behera, autoen zipriztinez arduratu gabe. Milà etxeak ere ez zuen haren arretarik jaso, eta Paseig de Gràcian behera egin zuen berriz, Mallorca kalean taxi bat hartu arte, inora joateko baino gehiago, berriro esertzearren. Norabidea bigarren aldiz galdetu eta eserlekuan jiratu zen taxistari Coll del Portellera eramateko eskatu zionean, berriz ere Ortiz de Zarate ezagututako tokian haren aztarna aurkitzeko asmoz zebilela onartu behar izan zuen.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario