2011-03-30

234. pasartea

Hala eta guztiz ere, nahiz eta sistematizaziorako ohitura hartu zuen, ezinbestekoa gertatu zitzaion noiz edo noiz, bezperan ahaztu zuelako edo eguraldiaren aldaketak hala behartuta, zerbait hartzera edo aldatzera sartzea. Halakoetan “piztu dezakek argia, esna nagok eta” esan ohi zion ohean eseriz, bere elastiko batez jantzita gehienetan.
Egun batean pita zati bat ikusi zion lepoan lotuta, eta handik zintzilik giltza batzuk —tartean bere etxekoa, pentsatu zuen—, eta berea bezala erabiltzen zituen beste batzuetakoa. Ez zekien zenbat, inoiz ez zen iritsi denak kontatzera, saiatu, hamaika aldiz saiatu bazen ere, baina hartarako haren begiradari eutsi behar zitzaion, hamar segundoz gutxienez.
Kontatu nahi izan zizkionetan, haren begirada zorrotza nabari izan zuen bukatu baino lehen, eta orduan “galtzerdiak ahaztu zaizkidak” edo beste zerbait esanez bueltatzen zen.
Giltza eman zionetik, batez ere, ez zen ia ohetik irteten, sukaldetik zerbait hartzeko ez bazen. Behin batean, hartarako baimenik eskatu gabe, bere Grundig satelitea hartu, eta labana baten laguntza hutsez frekuentzia jaitsi zion, poliziaren banda hartu ahal izateko.
Orduz geroztik, etxean zegoenean ez zen beste musikarik entzuten poliziaren mezuak baino, beti berdinak eta edukirik gabeak, dudarik gabe jakinaren gainean egon behar baitzuten edozeinek entzun zitzakeela, noizbehinka “utiliza moneda” aginduak —telefonoz deitzeko, alegia— ongi erakusten zuen bezala; beste batzuetan, berriz, kodetu egiten zuten, esateko zerbait serioa zutenean, itxuraz, eta orduan, ulertezinak ziren ahots erabat distortsionatuak baino ez ziren entzuten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario