2011-03-30

228. pasartea

Neska bat dakusa espaloiko aulki batean eserita. Zango luze beltzaranak desgurutzatu, eta altxatu egin da irribarrez. Mutil gazte bat inguratu zaio. Hogei-hogeita bi urte, neskak bezala. Jertse urdin bat darama bizkarrean. Bi masailetan laztandu du neska, eta gero pauso bat aldendu da. Besoak zabal-zabal jarri eta erortzen utzi ditu gero. Neska inguratu egin zaio, oraingoan barrez, eta musuak itzuli dizkio, bat masaila bakoitzean. 
Ea ba al duen sotoko zurgindegiaren berri, galdetzen dio goardia zibilak, pistola erraldoiaz zorura apuntatuz. Baina berak ez du erantzuten. Kanpoko munduari loturik segitzen du, mutil gazteak besoak altxatzerakoan zer ote zioen asmatu nahian. “Sentitzen dut, baina ezinezkoa izan zait sarrerarik lortzea”, adibidez, eta neskak “ez dio axola, tontolo”, eta bi masailetan musu eman dio. Goardia zibilak galdera errepikatzen du, ordea, oraingoan kanoiaren aho beltza erakusten diola, eta erantzunik aproposena zein ote litzatekeen bilatzen ahalegintzen delarik, leihoak banatzen dituen bi munduetako batek irreala izan behar duela otutzen zaio.
Ikarak pertzepzioaren zentzu oro menderatzen dion arte.
Galdera berriro egin diotenean gertatu da hori, beharbada. Oraingoan atean agertu berri den edadetuak, sotora eramateko prest baileuden —”honek behera nahi dik” edo “zer iruditzen zaik jaisten badiagu”—, edota, gazteak errezel granate pisu batez estali baitu leihoa, kanpoko munduaren ikuspena galdu duenean. Izan daiteke beste edozergatik ere, baina une zehatz, oso zehatz batean, ikarak menderaturik sentitzen da; ikarak eta ikararen ondorio fisiologiko tristeak menderaturik.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario