2011-03-31

192. pasartea

Zeinu neurtu baten bidez —atea erabat ireki, eta, hala eutsiz, Susanari bide emanda, bera atzean zutik geratzeko modu zekena, agian—, argi eta garbi erakutsi zuen Susana sartu ondoren bera ez zela igoko. “Ikusiko gara” esan du, sekuentzia ongi planifikatu bati zer legokiokeen gogoan: emakumeak burua bueltatzea —eta halaxe egiten du—; bista itzuli gabe, leihatilatik esku bat erakustea, doi hatzen mugimendu nagi batez agur eginez; eta gero zapi bat bezala erortzen uztea.
Berari han kantoian zutik irautea dagokiola erabaki du, besoa ukalondoan angelu zuzena markatuz altxatzen duelarik, zin egiteko bezala, eta taxia desagertu ondoren ere “deituko dizut” errepikatzen du, istant horretan bertan gaueko trena hartzea erabaki arren. 
Trantsitoan doa, zutik, gainerako bidaiariak bezala —denak dira trajez jantzitako gizonezkoak—, bere konpartimentuaren aurrean, leihatilarantz makurtuta. Ahalik eta gehien atzeratu nahi luke ohean sartzeko unea, nekeari esker deserosotasunera moldatzeko asmoz, ahalik eta azkarren lokartu ahal izateko. Konpartimentuko gainontzeko bidaiariek ez dute beren artean hitz egiten, eta mesfidantza edo mespretxu harro baten ukitu hotza nabari zaie gurutzatzen dituzten begiradetan.
Iñaki Abaituak nahiago izango zukeen eserita bidaiatu ohe-bagoian baino, ezina baitzitzaion trenean lo hartzea. Merkeago izateaz gainera, eserita bidaiatzeak irakurtzea eta, batez ere, idaztea errazten du, ingurukoekin hitz egitea. Bestalde, enkontru atsegin baten irrika —gutxitan betea, baina izatez posiblea— pizteko bidea eskaintzen zuen. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario