2011-03-31

199. pasartea

Goizetan lehena altxatu behar zuenez, eta etxetik irteteko derrigor sala gurutzatu behar izaten zuenez, Iñaki Abaituari bidezkoa iruditu zitzaion bere gela Ortiz de Zarateri uztea, bestela enbarazu egin beharko baitzion. Horrez gainera, nolabaiteko begirunez ere hartu zuen erabaki hura, berak zuena gehiegi iruditzen zitzaiolako itxuraz behar gorrian zegoen eta bizitza arriskuan jartzen zuen gizon haren aurrean.
Berezkoa ez zuen antolaera zehatz batera egokitzera behartu zen, beraz; goizetan gelan ez sartzearren, bezperatik prestatzen hasi zen biharamunean beharko zituen gauzak. Hala eta guztiz ere, batzuetan, bezperan ahaztu zuelako, edo ezusteko eguraldi-aldaketa zela medio, jantziren baten bila sartzen zenean, kisketari eutsiz sartzen zen, ateak hotsik atera ez zezan.
Egoera hartan, zigarro usainak eragiten zion goragaleari eutsiz, galtzerdi ahaztuen edo euri zaparrada ezustekoak derrigorrezko egiten zuen gabardinaren bila, lapur bat bezala sentitzen zen, eta ez zekien nola, zergatik, zer mekanismo dudarik gabe neurotikoren bidez, baina pentsamendu absurdoak etortzen zitzaizkion gogora. Edozein huskeriaz oroitzen zen; armairuko tiraderan bilatzen zituen galtzerdiak saldu zizkion emakume gazteak esan zionaz, adibidez, “banekien hauek aukeratuko zenituela”, paketea egin bitartean, keinu zehatz eta mekanikoz hatz zuri luzeak arin mugitzen zituelarik.
Emakume hark haur-eraztun zigiluduna zeraman eskuineko hatz txikian. Ezin ken zitzakeen burutik oroitzapen eta pentsamendu zentzugabe haiek, egitekoa ahalik eta denborarik laburrenean egitea eragozten ziotela jakin arren. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario