2011-03-31

180. pasartea

Lana —bi dozena fitxa zuzentzea eta Teseu-ren orri erdi itzultzea, bere buruari ezarritako gutxienezkoa— goizean goiz egiten zuen, senar-emazteak ohetik altxatu aurretik. Gainerakoan, leihopeko sofan egoten zen, handik, etzanda ere, pare bat burukoren laguntzaz, itsaso esmeralda kolorekoa ikus baitzezakeen.
Hasieran besterik uste izan arren, berehala konturatu zen senarrari bera han izatea ez zitzaiola inondik ere trabagarri gertatzen; alderantziz, ondo zetorkiola, Susana bi umeekin bakarrik utzi gabe, egun osoa vaurienarekin itsasoan pasatzeko.
Batzuetan, hark kidekoak bailiran tratatzen zituen Susana, umeak eta bera, denak haur balira bezala, alegia. “Ongi portatu” esaten zien, belen zakua bizkarrean, marinel itxuraz. Edo, itzulitakoan, ariketa fisikoaren ondorioz lasai eta pozik, hortz zuri perfektuak aurpegi belztuan erakutsiz, “zer, dibertitu al zarete?”, galdetzen zien.
Urte batzuk geroago, Donostian, Londres hoteleko hallean, “nahikoa dibertitu zarete” esango zion, orduan ere ustez umetzat hartuz. Askotan uste izan zuen berari ere, haurrei bezala, masailean atximurka eginez, “ongi portatu, katutxo” esango ziola. Berez, banketxeen eta belaontzien inguruan mugitzen ez zen oro mespretxagarri zitzaionez, ezin zuen beragatik jelosiarik sentitu. Hitz batean, ez zuen arerio gisa ikusteko adina errespetatzen.
Iñaki Abaituak argi zeukan hori, eta argi edukitzeak erabat arintzen zion bestela izatera eramangaitza gertatuko zitzaiokeen erru sentimendua.
Egunero, gosaldu ondoren, Diego bela egitera irteten zen, eta umeak hondartzara jaisten ziren beren balde eta palekin. Egunero, halaber, haiek irten bezain laster, Susanak eta berak larrutan egiten zuten leihopeko sofa gainean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario