2011-03-30

222. pasartea

Haurrari arnasa estutu zaio, baina berriro ere, hasperen sakonago baten ondoren, bere onera datorkio.
—Ohetik atera beharko nuke.
—Ez, infantizida sentituko nintzateke —atzera eginez.
Korridoreko iluntasunean, begi beltzen begirada sakona eta ezpain gordinek egiten duten irribarrearen itzal tristea ikusten jarraitzen duela iruditzen zaio. Kanpoko atea zabaldu eta itxi egin da berriro ere, baina salatik, argiaz gainera, pertsona bat baino gehiagoren presentzia salatzen duten hotsak iristen dira tarteka.
—Ez da lekurik aproposena —dio Juliak.
Bainugelan daude bata bestearen aurrean, lurrean zabaldu duen toaila baten gainean belauniko. Julia gerrikoa askatzen ari zaio aldi berean atzerantz etzanez beregana erakartzen duelarik.
Lurrean etzanda, Iñaki Abaituak izerditan blai sentitzen du gorputza. “Artista behar da izan, hatz muturretaraino”, melodia ezbaikor bati loturik datozkion hitzak “pour sculpter des joies quand la chair est triste. Haragi goibelean”. Eta negar egiteko gogoa sentitzen du; arrazoi zehatzik gabe, begiak itxi eta malkoak loratzen sentitu, epelak, nasaiak, ihintz intimo bat bezala masailetan behera, lortu ezin duen erekzioa eragiteko asmoz galtza askatzekoa egiten duelarik.
Belauniko, galtzei bi eskuez gerritik helduz, malkoak astiro, masaileetan zehar irristatzen zaizkiola. “Zatoz” esaten dio Juliak, haur bati bezala, leunki erakarriz. Berak utzi egiten dio emakumeari, haren gorputzari atxikitzen zaio, eskuak bularretan, azal bigunaren azpian glandularen gogortasuna sentitzeko higuinez; desesperazioz egiten du bultza amatasunaren eraginez malgua eta hautsia intuitzen duen sabela, indarkeriaz, erekzio ezinezkoaren bila. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario