2011-03-31

187. pasartea

Ez zen Iñaki Abaituaren gustuko lana, batez ere ez zuelako nahi hoteleko langileek halako abagune batean ikus zezaten, ohean etzanda gelditzea plazer zuelako ere bai, eta ahaleginak egin zituen ez laguntzeko. Baina Susana, horretan, beste gauza askotan bezala, setatsu agertu ohi zen: ea zer uste zuen, puta bat zela ala zer, bortizki.
Hurrengo egunerako, turistak bezala, zereginik gabe, kalez kale ibiltzen hasi ziren, gehienez ere erosketa alferrikakoren bat eginez, etxerako apaingarriren bat ia beti, eta batzuetan Tusquetseko boutiqueetan sartu ohi ziren. Haietan, Susanak soineko bat bestearen ondoren probatu ohi zuen, azkenean deus erosi gabe irteteko, eta Iñaki Abaituak lotsaturik itxaron ohi zion, amore emanez beti, bere inguruan itzulika, eta ez zirudien dama aldartetsu baten ezkutari edo morroi papera betetzea asko axola zitzaionik, hark, gonak haizatuz, ea ederra ikusten al zuen, luzeegi ez ote zuen, edo laburregi, estuegi agian, galdetzen ziolarik.
Noiz edo behin, banketxetik pasatu ohi ziren Diegoren bila. Egun hartan, adibidez, bien zain zegoen hura jada bulego aurreko salan, tabako koloreko chester batean eserita, egunkari bat irakurtzen, eta altxatu egin zen azaldu zirenean. Traje urdin ilunez jantzita zegoen, gehienetan bezala, eta alkandora ere urdina zuen, argiagoa. Aurpegi ongi bizargabetuak ere urdina zirudien masailetan, after shave-en iragarkietako gizonenek bezala, eta irribarre egiterakoan hortz ilara zuri perfektua erakusten zuen. Beti bezala. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario