2011-03-31

177. pasartea

Denak batera hasi ziren. Gehienak ez zeuden ados. Zer gertatzen zen latino batek ingelesez hitz egiten bazuen? Hizkuntza batean edo bestean hiztun izateak aldatu egiten al zuen gizonaren portaera sexuala? Bat-batean, guztien aurpegiak berarengana bueltatu ziren. Zer esaten zuten euskaldunek hazia isurtzerakoan?
Gorbataren korapiloa askatu zuen tregoa bila. Barne-muinak arakatzen zizkiotela sentitu zuen, zer erantzun ez zekiela. “Besteek ez dakit” esateko puntuan egon zen, baina azkenean, “guk xagutxo apainak bezala” bota zuen. Eta irrigarria iruditu zitzaien.
“Guk xagutxo apainak bezala” esan zuenean barrez hasi ziren, eta barrez zeuden Ion eta besteak sartu zirenean. Berehala eten zien Anek: ez zeudela txantxetarako. Goardia zibiletako kabo baten hilketaren ondoren egundoko atxiloketak egiten ari zirela. Urola bailaran, batez ere. “A-ko gazteriaren erdia”, esan zuen.
Iñaki Abaituak aski izan zuen aipamen hura zorabiatzeko puntuan sentitzeko. A-ko gazteria erdiaren artean masaila moreduna ez egotea miraria litzatekeela iruditzen zitzaion. Alde egitea erabaki zuen, A-ko gazteriaz deus entzungo ez zuen lekuren batera. Albokoari esan zion, proba gisa, gainerakoei jakinarazi baino lehen. Besoa luzatu zuen lehenbizi ordua ikusteko, imintzio nabarmenez, albokoari “berandu nabil” esan baino lehen. Hark ez zion jaramonik egin, ordea: esku bat besagainean jarri, lasai egoteko eskatuz bezala, eta “pagan justos por pecadores” erantzun zion. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario