2011-03-31

149. pasartea

“Ignacio Martín” esan zuen, Iñaki jatorrizkoa ere ezkutatuz, eta hartara, nortasun paperen aginduz ohituago zegoelarik ere, ezin izan zuen saihestu Simon Kefas eta oilarraren hirugarren kantuaz oroitzea.
Euskalduntasuna ukatzen zuela onartu behar izan zuen, beraz, baina aulkian eseri ondoren, egunkaria zabaldu zuenean —berriro ere Losadaren begirada zitala “Cabo de la Guardia Civil muerto en atentado” titular zabalaren azpian—, ongi hartua iruditu zitzaion “euskalduna, beraz?” ezinbestekoaren ondoren jasan beharko zituzkeen galdera ohikoak saihesteko erabaki pragmatikoa.
Bizargina ez zen hiztuna, ordea, eta eragozpenik gabe atxiki zitzaion argazkiaren kontenplazioari, haren erakarpen morbosoa neurri batean kezkagarria gertatzen zitzaion arren. Sentimendu bikoitz eta kontraesankorra zen; haragitik mina ematen digun zerbait kentzen digutenean, kendutako hori sendagilearen eskuetan odolduta ikustea bide batez higuingarri eta atsedengarri izaten den bezala.
Hori pentsatu zuen, eta horretan zegoela, ez zuen astirik izan bizarginak igurzten zion lozioa —freskagarria baino gehiago, likina— errefusatzeko, eta gero ez zen ausartu ez jarraitzeko agindua ematen. Gainera, bere gogoa haurtzaroko eremuren batera joana zitzaion, non gizonezkoek usain hura bera izaten zuten, tabakoaren mingostasunaren kontra lehian. Acqua Velva zen, gogoratu zuen, igandeko mezan haien aurpegi grisak distiratsu egiten zituen lozioa.
Oroitzapenetan babestua, pena zuen bizarginak “el señor está servido” esango zionean altxatu beharko zuelako, eta eskuak egin ziezazkioten aginduz egonaldia luzatzeko aukera ere neurtu zuen, uste osorik gabe, ordea, bai baitzekien ez zuela halakorik egingo. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario