2011-03-30

216. pasartea

Arantxak ez daki. Ez daki Eduardo Ortiz de Zarate, Zigor, Estanco taberna aurretik pasatu dela gelditu gabe, Hernani aldera, zitetarako hartu ohi duen segurtasun neurriari atxikiz. Bi aldiz, eta gehiagotan pasa daiteke nabarmendu gabe, trafikoa ugaria baita —Estanco taberna zitalekutzat aukeratzearen arrazoietako bat—, ingurunea zainduz, batez ere bilerara datozenei segika ari zaizkien ikusteko. Itxuragabetzeko neurri gisa ilea bekoki gainean —ebatondoa estaltzeko—, bibote frantsesa eta betaurreko kontxadunak hartu baditu ere, esango litzateke haren benetako izaera inoiz ez bezain nabarmen eta bortitza dela, 132 batean gidari legalaren ondoan doanean
Hernanin sartu bezain laster, berriz ere itzultzeko zeinua egiten dionean —hatz erakusleaz zirkulu bat airean, erretrobisorearen parean—, legalak obeditu egiten du, eta gauza bera berriz ere Ergobian, Estanco taberna parean, martxa astirotzeko esaten dionean, errepide erdian goardia zibilek, modu zakarrean, jendeari geratu gabe zirkula dezan agintzen dioten arren. Zeta furgonetek eta land roverrek ixten dute zubirako sarrera, ate-zabalik, argi urdin eta gorriak dirdaitsu; irratiak giltza-hitzak eta zenbakiak haizatzen ditu.
“Polizi ekintza garrantzitsua Donostiako Ergobia eta Ibaeta auzoetan” esan du irratiak.
Arantxak zehaztasun guztiz kontatzen die nola geratu diren gorpuak zura imitatzen duen baldosa gainean, nola odol isuriaren arrastoak zorua gurutzatu duen eta, tantaka, kalerako bi mailetan zehar irristatuz, galtzadaraino iritsi den.

No hay comentarios:

Publicar un comentario