2011-03-31

152. pasartea

Mesfidantzaz begiratu zioten aurreko saioa amaitu zain zeudenek, eta txartel saltzailearen tratua ere ez zen atsegina izan, jakina denez biziotsu batentzat ez baita begirakune gaitzesleagorik beste biziotsu batena baino, biziotik bizi den enplegatuarena izan ezik.
Beraz, aurreko saioa amaitzear zegoela ohartarazi zuten arren, begirada haiei ihes egitearren erabaki zuen gehiago itxaron gabe sartzea, eta filma atzekoz aurrera ikustea ez zitzaiolako axola ere bai. Zehatzago esan, filma bera zen deus axola ez zitzaiona, bai baitzekien, kanpoko iragarkiaren arabera, zentsura onartzen hasia zen produktu sasipornografikoren bat emango zutela. Hala eta guztiz ere, belusezko errezel granateak aldendu zituen, arkakuso armada batek erasotzen ziola sentituz, eta eserleku bakarti bat bilatu zuen iluntasunean, gainerakoek egina zuten bezala, denak baitzeuden areto osoan sakabanatuta, albokoaren kutsaduraz libratu nahian edo.
Pantailan hiru gizon ageri ziren: gazte bat, urdinez jantzia, eta hura beren artean zeramaten bi polizia heldu. Gazteak bendaz estaliak zituen begiak, eta oihu egiten zuen burua alboratuz eta zertxobait altxatuz, itsuek soinuren bat atzemateko egin ohi duten bezala. “Ed, entzuten al didazu?”. “Ed, hor al zaude? George, Fred, non daude nire lagunak? Hemen behar zuten”, zioen. Adreilu gorri eta estuz inguraturiko patio batean zeuden, eta aulki batean eseri zuten gaztea adreiluzko hormaren kontra, errezel beltzen artetik ageri ziren fusilen kanoien aurrean. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario