2011-03-31

196. pasartea

Ez korrika, baina zerbaitek, ibiltzeko eran —ukalondoak gerrian itsatsirik zihoalako, agian—, presa adierazten zuen; presa eta, are gehiago, ezkutatu nahia. Atzetik ikusi zuen, beraz, baina bazekien Eduardo Ortiz de Zarate zela. Ez zuen inongo zalantzarik. Atzetik ere bekokia, sudur gaineraino gurutzatzen zion ebatondoa ikus ziezaiokeela iruditzen zitzaion. Bagoi puntan desagertu zen arte jarraitu zion begiez, ziurtasun hura zertan finka zezakeen bilatuz. Atea zabaltzerakoan ere ez zuen bururik alboratu, eta halaz guztiz ere, gizenago zegoela esango zukeen. Ikusia zuen hiru aldietan, lehenbiziko bietan Coll del Portellen, San Paueko erizainen etxean, eta hirugarrena autoz A-ra eraman zuenean —oroitzapena erabat garbia zen—, momentu hartan bezala zegoen jantzita, bakeroz eta jertse urdin ilun batez.
Hain zuzen ere, egun gutxi falta ziren janzkera hura, egun seinalatuetan izan ezik, aldatzen ez zuela jakin zezan. Marinel-jertse urdin iluna, botoiak sorbalda batean dituztenetakoa, alkandorarik gabe janzten zuen, elastikoaren gainetik, eta lepoa are indartsuago egiten zion.
“Berriz ere ikusten garela, beraz” esango zion egun gutxi haiek barru, zigarroa ahotik kendu gabe. Gavirian ikusiko zuten elkar, Albertok hura aukeratu zuelako topalekutarako. Bezperan eskari bat egina zion, lagun bat egun batzuetan etxean gordetzeko. “Lagun bat” esan zuen lehenbizi, eta gero “A-ko txango hartara eraman huen laguna”, zehaztu zion, aurpegira begiratu gabe, eskakizuna egin beharraz lotsaturik bezala. Isilik iraun zuten, bata bestearen pentsamenduaz jabetu nahian bezala. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario