2011-03-31

170. pasartea

Ez zuen kexatzerik halaz guztiz ere, muturrean mina ematen bazioten, zulo bat egingo ziela esaten baitzion amak, sandalia gisa jarri eta behatz lodia behintzat atera ahal zezan. Horregatik, funtzioan argiak noiz itzaliko zain egoten zen torturagailu haiek erantzi eta aulki azpian gordetzeko.
Bizitza osoan gorde zuen ataka larri haren oroitzapena, pantailan Fin edo The End exotikoa azaldu eta salako argiak pizten ziren bitarteko une larria, hankak luzatuz aulki azpitik oinetakoak berreskuratzen ahalegintzen zenean. Gero, sentimendu triste batek menderatzen zuen, filmarekin batera igandea ere amaitzear zegoela jakiteak eragiten zionak, eta aldez aurretik usna zezakeen, sukaldeko zoru gastatuari zerion lixiba usaina, bekokian txapa gaineko lapikoak eragingo zuen lurrinaren berotasuna, eta bizkarrean horma kare urdinduz margotuaren hotz hezea senti zitzakeen bezala. Eta pantaila hutsari so, euli kakaz zikinduriko bonbilari zerion argi makal horizta zetorkion gogora, amaren aieneen errosario etengabearen marmarra edo Urtsulako zelaitik etengabea izan ohi zen kilker hots metalezkoa.
Imajinak dira, bere borondatetik at, hostoak haizearen hegoetan bezala datozkionak. Edo hobe, liburu baten orriek hatz lodiaz libre utzitakoan erakusten dituzten irudiak bezalakoak. Bere bizitzaren liburuan argitasun harrigarriz ikusten ditu estanpa ustez ahaztuak, istant bakar batez bada ere; istant bat baino gutxiago, baina erabateko gardentasunez.
Ez da heriotzaren hurbilak ernaltzen dion ahalmen bakarra. Piztia inguratu bati legokiokeen entzumen zorrotza du, hutsean biderkatzen diren kartzelako hotsen oihartzun urrunena jasotzeko. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario