2011-03-31

198. pasartea

Ez zuten askoz gehiago hitz egin. Pare bat egun baino ez zirela izango esan zion Albertok. “Pare bat egun, ezta?”, Ortiz de Zarateri so, artean berari begiratzeko lotsa balitz bezala. Eta Ortiz de Zaratek “bi egun” esan zuen, zigarroa ahotik kendu gabe, baina jarraian eztulka hasi zen, itokarrean, eta bekokiko ebatondoak kolore more bizia hartu zion.
Iñaki Abaitua ez zen sekula eztul hura entzuten ohituko. Bera gelditzen zen arnasarik gabe estuasunaz kutsaturik. Egusentian izan ohi zuen lehenbiziko erasana. Berak, salatik, kontatu egiten zuen bere artean eztulaldi lehor zitalaren iraupena. Luzea izaten zen, inoiz ez hogeita hamar segundo baino gutxiago. Gero zigarroa pizten entzuten zion; oso argi entzuten zuen metxeroaren hotsa gau-mahaiaren marmolezko gainera botatzean; aldizka, bakelitazko hautsontziarena, ilunpean haren bila ari zenean. Bazekien, berriro ere, berehala lokartzea lortzen ez bazuen, gero bestearen arnasa lasaiak eragotziko ziola loa, eta sarritan pentsamendu horrek eraginiko urduritasunak esna edukitzen zuen, belarriak erne, altxatzeko ordura arte. Sofa gainean lo egin beharrak —batez ere eginbehar horrek sorrarazten zion nolabaiteko frustrazioak edo amorrazioak, deserosotasunak baino gehiago— ez zion mesederik egiten, noski, atsedena hartzeko orduan.
“Sofa bat baino ezingo diat utzi” esan bazion ere, bigarren egunerako logela bakarrean egokitu zuen; hain zuzen ere, alde egiteko epea bete zenean; “pare bat egun” esan zuen Albertok, hitz haiez “gutxi gorabehera” aditzera eman nahian, baina Eduardo Ortiz de Zaratek bi egun izango zirela zehaztu zion. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario