2011-03-30

219. pasartea

Juliak, ohi bezala, etxean geratzeko eskatzen die, berak ez daukala-eta umea bakarrik uzterik, eta sukaldean bukatzen dute hozkailuko elikagaien inbentarioa eginez, jaki bakoitzaren izena kantatuz eta txalotuz. Patata tortila eta Ion Igartua izaten ziren gehienetan afaria eta sukaldaria.
Afaldu ondoren, ohiko lekuetara itzultzen ziren, betiko eztabaidetan nahasteko. Ionek tiratzen zion hariren batetik gaiari, ahitzen sentitzen zuenean, suari biziagotu dadin haize ematen zaion bezala.
Horixe egiten du orain ere, ongi baitaki Abelek bereziki ezinezkoa duela gai batzuen amuari heldu gabe uztea, eta Aneren alboan iraungo duela beste patxaran kopa bat edanez. Patxarana da Abelen gustuko edaria.
Ionek, patxarana edaten dakusan bitartean, esan ohi dio ez duela aberriarentzat galdutzat emango. Badaki, mugimendu herrikoiak burgesia konprometituak zuzentzen dituela esanez gero —eta horixe esaten dio—, ongi koipeztaturiko gurpil bati lehenbiziko itzulia ematea bezala izango dela, gero berez jarrai dezan. Baina Ionek azken hitza esan orduko, leihotik jiratuz eta zergatik jakin gabe, “ez dezagun konposturarik gal” botatzen du Iñaki Abaituak, ozenki eta zakarki ia; Abelek airean “bereizi beharra dago” bat utzi duenean, hain zuzen.
Beraz, Abel “burges txikiaren kontzientzia txarra eta iraultzaren teoria eragilea bereizi beharra dago” esaten ari denean, bere hizpide gustukoenari jarraitzeko asmoz, Iñaki Abaituak, erabat zakar, hitza kentzen dio “ez dezagun konposturarik gal” lekuz kanpoko horrekin. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario