2011-03-31

208. pasartea

Berriro ibiltzeari ekiten dionean, pauso luzeak ematen ditu, laburragoek urduritasuna salatuko luketelako, eta, jardun fisikoak berak lasaitasuna emango bailion, ausartago lotzen zaio bideari, espero bezala irteerako atean Perejil inspektorea agertu bada ere.
Edo Perez Gil. Mundu guztiak esaten zion Perejil, ordea, eta ez zirudien asko inporta zitzaionik. Oso zen luzea, eta ilea gominaz atzera orraztua erabili ohi zuen. Begiak izan ezik, dena zuen handia; handia baino gehiago, luzea, sudurra batez ere, eta hortz horituak, algaraz barre egiterakoan ahoa bete erakusten zituenak; baita zigarroaren fita beltz luze hura hozkatzean ere. Ahoan zuenean gorantz seinalatzen zuen, bibotearen norabidean. Marra oso fin bat, pare bat ile-lerro besterik ez, ezpain ertzetik gorantz sudur alboetara.
Hogeiko edo hogeita hamarreko urteetako aktorea zirudien Perejil inspektoreak. Oso dotore jantzita beti, dotoreegi, edo nabarmenegi behintzat, bere jaka gurutzatuekin, askotan galesko printze laukitxoz. Irteerako atean kokatzen zen, tente eta luze, fita hortzetan, bidaiariei lotsagabe so, eta noizbehinka, irizpide ezkuturen baten arabera, apeta hutsa gidari agian, baten bat aukeratzen zuen, zigarro puntaz seinalatuz. “Qué lleva usted ahí” galdetu ohi zuen, aukeratuaren otarre, eskuko poltsa edo maletarantz zigarro punta eramanez.
Aspaldidanikoa zen Perejil Norteko geltokian, eta Amarako auzoan ere bai, beste edonor bezala ibili ohi zen hango tabernetan txikitoak hartzen. Vallés tabernan hil zuten tiroz, hain zuzen ere eskuan basoerdi bat zuela. Eta orduan jakin zuen jende askok, egunkarietan agertu zelako, Perez Gil zuela izena, eta ez Perejil.

No hay comentarios:

Publicar un comentario