2011-03-30

218. pasartea

Hitzak: “duintasuna”, “mendekua”, “errebeldia burges txikia”. Gero eta ozenago esaten dituzte, Iñaki Abaituak, leihotik jiratuz, “ez dezagun konposturarik gal” esaten duen arte.
Esaldi hori, “ez dezagun konposturarik gal”, zein testutan irakurri duen aurkitu nahian errepikatu du behin eta berriro bere artean, azkenean bere kabuz bezala ahoratu zaion arte. Esaldia buruan obsesiboki dabilkiolarik, biribila, erabatekoa iruditu zaio, leihotik, ikusi gabe, Kofradian arraina garraiatze lanean ari direnei so.
Orain bai, eszenak fikziozkoa dirudi, zuri-beltzean gertatzen baita, fokuaren argitasunak mugatzen duen zirkulu zehatzean. Sala ere ilunpean geratu da oharkabean, eta argia piztuko denean, beren lekuetan mugituko dira iluntasunari zegozkion jarrerak utziz. Anek, Abelen bizkar gainean zuen besoa aldenduko du, adibidez, eta Arantxak gona azpian gordeko ditu belaunburuak, Ionek, argia piztuz, “nork egiten ditu munduko gin-tonic hoberenak?” esaten duenean.
Anek, Abelek, Albertok, guztiek “Ionek, Ionek egiten ditu munduko gin-tonic hoberenak” erantzuten dute, algaraz, beti bezala, eta Juliak, azkenik, lurretik altxatuz, pozik eztabaida politikoa baztertu dutelako, “hemen gin-tonic hoberenak nire Tanqueray botilak egiten ditu” dio, beti bezala hark ere. Eta Ionek edariak prestatzeari ekiten dio, barman baten mugimendu zehatz eta zeremoniatsuak imitatuz.
Denek edaten dute. Iñaki Abaituak ere baietz, edango lukeela gin-tonic bat, esaten dio Ioni, leihotik itzuli gabe. Kristalean islaturik ikusten ditu, ia gauero bezala, non afaldu eztabaidatzen dutelarik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario