2011-03-30

225. pasartea

Subfusilaren kanoiak ezkerrera egin zuen emakume baten ahotsa entzun zenean, oinetakoak janzten behintzat utz ziezaietela. Berrogei-berrogeita hamar urtekoa zen, bata urdin argiz jantzia, eta Klara negarrez eta garrasika zeraman besoetan. Julia jadanik eserita zegoen land roverrera hurbilduz, oinetako batzuk bota zizkion Iñaki Abaituari, Juliari “zu lasai, zainduko dut umea” esaten ziolarik. Goiko emakumea izan behar zuen, goizaldera, alde egin aurretik, despedida gisa, Eusko Gudariak jartzen ziotena. “Zu lasai” errepikatu zuen, eta goardia zibilek alde egiteko agindu ziotenean, Iñaki Abaituarengana itzuliz, berea ez zen oinetako pare bat bota zion, ongi lustratuak, hori egitean “eutsi, gazte” esanez irmo. Une hartan berak ez zuen jakin zertaz ari zen, baina irribarre egiten ahaleginduz, oinetakoak jantzi zituen. Kanoiak, lehen eta bigarren ornoen artean —atlasaren eta axisaren artean, alegia—, zehazki agintzen zion zein aldetara mugitu behar zuen.
Auto arrunt batean eserarazi zuten, egunkariz bilduriko fardel bat belaunetan zeraman gizon baten ondoan, eta gero beste bat sartu zen. Atea itxi eta “adelante” esan zuen. Aurrean gidaria zihoan bakarrik, eta asko kosta zitzaion motorra martxan jartzea. Autoaren egoerari buruz biraoz jositako adierazpenen bat egin ondoren, azkenean, abiada bizian atera ziren. “Adelante” esan zuenak egunkari paperetan bilduriko fardela zeraman belaunetan, autoak bidezuloetan salto egitean metal hotsa ateratzen zuena. Fardelaren edukiaz dudarik izan balu, laster argituko zukeen, egunkari paperek agerian uzten baitzituzten, gidatze zakarraren ondorioz, paisanoz jantzitakoek, auskalo zergatik, eta nolanahi ere ganora handirik gabe, behin eta berriz ezkutatzen saiatzen ziren metrailetak eta kargadoreak. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario