2011-03-31

200. pasartea

Zer erantzun zion berak dendariari, hark “banekien hauek erosiko zenituela” esan zionean? Zer pentsatu zuen? Adibidez, haur-eraztunak daramatzaten pertsonek haurtzaro zoriontsua izan dutela zetorkion gogora, eta, zertan zegoen ahaztu egiten zitzaiolako, edo auskalo zergatik, gutxitan lortzen zuen behar zuena argirik piztu gabe, denbora epe arrazoizko batean hartu eta, Eduardo Ortiz de Zaraterekin hitzik gurutzatu gabe, berriro gelatik irtetea.
Gehienetan, armairu aurrean pare bat minutu zeramatzanean, Eduardo Ortiz de Zaratek “piztu dezakek argia, esna nagok eta” esaten zion. Batzuetan ez zion ezer esaten, baina, arnasa hartzeko moduagatik, jakiten zuen esna zegoela. Inoiz hark piztu izan zuen, berak atea zabaldu bezain pronto. Ohean eserita, bi eskuak maindirepean, ile kizkurra elektrizaturik zuela zirudien.
Haietako batean, “hobe giltza bat utziko bahit” esan zion.
Euritsu argituko zuen seguruenik eguna, eta gabardinaren behar ez aurrikusiaren eraginez hartu bide zuen gelan sartzeko erabakia.
Baina oraindik hilabete batzuk falta ziren horretarako. Trenean doanean, k eta l letren fitxak, ohi bezala, oinetakoen kaxetan ordenatuta daramatzalarik, oraindik Plazido Mujikaren hiztegiak ez dio hartu hilabete horietan bere begien aurrean lortuko zuen oniritzirik.
Horren adierazle, “bultzi”, hitz berri okertzat jo eta hiztegian sartuko ez duena. “Bultzi, neologismo ez zuzena; vide tren” gorde du, proben lehenbiziko zuzenketan “sentitzen dut, Lizardi” eranstekotan egon bada ere, beste askotan bezala, hiztegi lanaren seriotasuna dela medio, sentimendu eta iritzi pertsonalei bidea itxiz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario