2011-03-30

232. pasartea

Hala ere, igogailu zahar geldoan gora, ez zegoen ziur paperei begirada bat bota gabe atsedenik hartzea lortuko zuen, eta kezka hori gehituz zihoakion, bolada hartan, egun osoa kanpoan egin ondoren, etxeratzean izaten zuenari.
Eskailburura iritsitakoan, ate aurrean makurtu zen, ohi bezala, argirik sumatzen ote zuen. Baina argitasun handiegia zegoen eskaileretan, jakin ahal izateko. Arduraz eragin zion sarrailari, eta zabaldutakoan ke bafada hotz bat etorri zitzaion. Etxean egona zen, beraz. Leihoak pertsianaz itxita zeuden, hura zegoenean eduki ohi zituen bezala. Salakoa zabaldu, eta gelan sartu zen. Emakume-urrin leun bat ere ba ote zegoen iruditu zitzaion, tabako kiratsarekin nahasia. Bi ziren gau-mahai gainean zeuden garagardo poteak, biak mahai berean. Ohea deseginda zegoen, eta gainean sakabanaturik egunkari baten orriak.
Etxetik kanpo hilabete emana zuelako sentimendua izan zuen. Igarotako gaua eta eguna bortitzak izan zirelako, ziur asko, pentsatu zuen komodatik izara garbiak ateratzen zituelarik; eta egunkaririk irakurri gabe zegoelako ere bai. Mendekotasun moduko bat zen egunkaria irakurri beharra, eta tarteka egun bat edo bitan ez erosiz saiatzen zen gainditzen. Ohe gainean zegoena hartzean, berehala konturatu zen irakurri gabe zuela. Egun hartakoa zen, beraz, erosteko betarik izan ez zuena.
Han zegoen lehenbiziko orrian, oso ile motzarekin, hain motza non ez zirudien kizkurra, eta irribarretsu, kokotsa altxatuta, harro. Ebatondoaren arrastorik ez bekokian. Orduan jakin zuen Eduardo Ortiz de Zarate zuela izena, argazkiaren oinean, “Imagen del activista de ETA Eduardo Ortiz de Zarate, alias Zigor” jartzen zuelako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario