2011-03-31

178. pasartea

Pontxoduna ekintza armatuen aitzakiarekin herri mugimenduaren antolaketa osoa suntsitzen zutela adierazten ari zitzaien. Hitz horiekin gutxi gorabehera, “herri mugimenduaren antolaketa osoa”, eta Iñaki Abaituaren ondoan zegoenak, esku bat besagainean jartzen ziola, “pagan justos por pecadores” esan zion. Errietan hasteko seinalea izan zen hura, eta Iñaki Abaituak berriro alde egiteko ordua zuela jakinarazi nahi izan zienean, ez zioten jaramonik egin.
Zutitu egin zen, ordea, eta zutitu zenean isildu egin ziren, gelaren erdian tente, zer esan ez zekiela geratu zelako, edo norbaitek “beraiek ordaintzen dute garestien” esan zuelako.
“Beraiek ordaintzen dute garestien” errepikatu zuen Ionek, baita beste norbaitek ere, “bai, beraiek ordaintzen dute”, baina tregoa ez zen luzea izan. Konturatu ere ez ziren egin kaleko atera inguratu zenean. Eskaileretan zegoen jada, atzetik Arantxa nora zihoan jakin nahian entzun zuenean. “Nora hoa orain?” galdezka ari zitzaion, eta “orain” haren zergatikoaz jakin nahiko zuelarik ere, “berehala nator” erantzun zion, egiantzeko azaltzen ahalegindu gabe, eskaileretan behera mailak launaka saltatuz.
Lehenbiziko kabinatik deitu zion Susanari. Ez zirudien oso pozik. Juxtu-juxtu harrapatzen zuela, maletak ixten jada, Salguèra alde egiteko. Diegok “pilak kargatu behar zituen”, eta ea banketxean eskaintzen zioten ardura onartuko zuen pentsatu. Bat-batean animatu egin zen. “Iñaki Abaituarekin ari naiz” esan zuen mikrotik aldenduz, eta gero berriz, “Diegok dio ea gurekin etorri nahi al duzun”.
—Tira, anima zaitez.
Zerua ireki zitzaion, eta baietz erantzun zion; ez, ordea, bizpahiru aldiz erregutarazi gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario