2011-03-31

172. pasartea

Ez du atzematen sakrifizioan partaide izatea onartuko lukeen begiradarik, adorea eta kuraia kutsatzeko airean altxatzen den ukabilik. Ez dakusa oroimenaren promesa, bere heriotza noblearen testigutza ziurta diezaiokeen herritarrik.
Zutoinean dagoenean da hori. Ezkerretik eskuinera lerrokatu direnen gainetik begiratuz —negarrari eusten lagunduko liokeen presentzia aurkitu nahian— arku zabal bat egin duenean. Magnolia grandifloraren hostoak ikusten ditu udaberriaren promesa ezinezkoa gogoan, eta herdoilak haren enborrean utzitako arrastotik iparra bilatzen duenean, berriro ere garai bateko lagunen aurpegiak datozkio oroimenaren orrietara: Errezil, Betroitzakoa eta besteak. Hainbat aldiz imajinatu ditu herriko plazan harrera egiteko bilduak, Amiletxe eta besteei ongi etorria emateko bildu zirenean bezala.
Segundo batzuetako bitartean alderatu ditu begiak magnolia adarretik, amildegian esku bat askatu duenak bezala, euskarri hobe baten bila. Aurpegi etsaiak baino ez ditu ikusten, ordea, bere beldurra islatzen diotenak, nolabait ezkutatu nahi balute ere.
Bizkarrean jotzen diote elkarri, adiskide giro. Zigarroak banatzen dituzte, edo eskuak igurtziz lurra indarrez zapaltzen, hotza uxatzeko, eta ehiztariak dirudite, oskarbi iraungo ote duen atzeman nahian bezala zerua aztertzen dutenean.
Gehienek trikornioa jarria badute ere, begi-bistakoa da ez dela egunero erabiltzen duten jantzia, txikiegi gelditzen zaizkiela baitirudi; ziur asko, informazio gorputzekoak izanik, goardia zibil arruntentzat arauz kanpokoak liratekeen adats luzeak dituztelako. Eta gerrera irekien azpitik paisano-jantziak ageri dituzte, gorputz berezietakoak izateaz eta nahi bezala janzteko duten askatasunaz harro. Abagune hartarako, ordea, goardia zibilaren ezaugarriak jantzi nahi izan zituzten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario