2011-03-31

144. pasartea

Baina inork ez zuen gogoan Daniel Zabalegi urduri zegoenik. Arratsean Goiz-Argitik pasatu ziren gehienek zuten gogoan heldu zirenerako bera jadanik han zegoela. Baina eguneroko kontua zen hura. Nolanahi ere, ez ziren asko bildu. Alde batetik, asteartea zelako, eta batez ere, goardia zibilak amorru bizian zebiltzalako tabernak itxiarazten, Losadaren heriotza norbaitek bere biziaz ordaindu beharko zuela esaka.
Bildu zirenek gogoan zuten, halaber, nola momenturen batean zelebratu beharra zegoela esan zuen, eta Errezilek, bizkarretik helduz, “ahal den azkarren gainera, txanpaina gal ez dadin” erantzun zion sukaldeko bidean. Ohiko eztabaida ganoragabea sortu zen gero, txanpainak hozkailuan iraun beharko lukeen epe egokienari buruz, eta orduan norbaitek, adar-joka, zera esan zuen, ea abisatu egiten zieten berei ekintza bat prestatzerakoan, txanpaina hotzetan garaiz jarri ahal zezaten. Txantxetan, baina guztiak geratu ziren Daniel Zabalegiri so.
Erretzeko paperean bilduriko fariasa labain itzularazi zuen ezpain biribilduetan. “Hoiek ez ditek behatzik mugitzen nere baimenik pe” esan zuen, berea, lodia eta tornuaren koipez belztua, erakusten zielarik. Barre-algaraz hasi ziren denak, eta Betroitzakoak esan ere esan zuen:
—Ez haiz ba heu jefea izango.
Orduantxe sartu zen Solana. Ez zuen eskaini zioten koparik hartu nahi izan, eta norbaitek aurpegi txarra zuela esan zion. Eta hala zen, bi gau baitzeramatzan lo egin gabe. Gutxienez. Hilabete igaroa zen Daniel Zabalegik, egun batzuk pasatzera zetozkion lagun batzuk —Getariako arrantzaleak, esan zuenez— berearen ondoan libre zuen etxean hartzeko eskatu zionetik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario