2011-03-31

188. pasartea

Haren keinuak zehatzak ziren, indartsuak, Susanari eskua luzatzen zionean altxatzera gonbidatzeko, edo eser zedin aulkia aurreratzean, edo atea eusten zionean pasatzeko. Portaera hura, formalegia apika, urruna, ez zen egokitzen Salguèn hitz lizunak eta biraoak botatzen zituen gizonarekin.
Susanak eskaini zion laztan iheskorra jaso zuen masaila urdinetan eta, ezkerreko eskua Iñaki Abaituaren besagainean jarriz, “zer, dibertitu al zarete?” esan zien; umeei esaten zaien bezala, iruditu zitzaion orduan ere.
—Zer, dibertitu al zarete?
Eta ez zirudien gibel-asmorik zuenik.
Diego jatorra baitzen. Susanak hori esan ohi zuen, jatorra zela, bihotz onekoa, bigunegia agian, eta haren ofizioan hori ez omen zen komeni. Izan ere, beragatik izan ez balitz, berak akuilatu ez balu, harreman sozialak zaindu ez balizkio, ez zegokeen zegoen lekuan.
—Izan ere, gizon handi ororen atzean, emakume argi bat beti.
Susanak ez zion ironikotzat jo aipamena. Egun batzuk elkarrekin pasatu ondoren urruntzen sentitzen zuenean, berak Diegoren oroitzapena ekartzen zuen solasera, haustura ezinbestekoarentzat arrazoi duin bat bilatzeko asmoz. Beti izan ohi zen horrela.
—Zu, berriz, bihurria zara —esan zuen orduan, Güellen. Zerua hodeiturik zegoen, eta parkea ezohiko gristasunean bildua—. Zu maite zaitut, ordea.
Gehiegi esatea litzateke ustekabeko adierazpen hark txunditurik utzi zuela esatea. Deseroso sentiarazi zuen. Bi eskuak belaunburuetan bermaturik, burua makur, bista oinetakoetatik harantz, lurreko mosaiko zatiren batean galduta. Oso karga astuna altxatu beharko lukeen norbait bezala.
—Emateko gai ez denak ez luke maitasunik hartu behar.

No hay comentarios:

Publicar un comentario