2011-03-31

204. pasartea

Baina alde egitea erabaki zuen. Zumarragara trenez joaten deskribatu zuen Iñaki Abaituak, berak orduantxe zekusan paisaia bera begietan: zeru grisa ebakitzerik lortzen ez zuten mendi beltz pinudiz estaliak; fabrika gris erdi eroriak, kristalik gabeko leihoetatik fundizioaren sugarrak agerian; koipe beltzez zikinduriko langileren bat tarteka, espresiorik gabe, txapela bekainetaraino, trenari so. Hainbeste aldiz aldeztera derrigorturik sentitu zen paisaia triste eta hezea. “Zeru urdinaren edertasun konbentzionalaren kontra” esan ohi zuen.
Batzuetan konturatzen zen euriaren defentsa desesperatua irrigarria ez ezik patetikoa ere gerta zitekeela, batik bat Ion Igartua ahalegin horretan “barne-giroa”, “malenkonia gozoa”, eta antzeko argudio topikoak erabiltzen ikusten zuenean. Baina bere baitan tristea, iluna eta deserosoa iruditu arren, euriaren alde egiten zuen, agindu ilun batek inposaturiko betekizuna bailitzan.
Horregatik, trantsitoan, ezin ikus dezakeen gizon baten ahotsa eguraldi txarrari buruz kexu entzun duenean, —kexa leun edo aski neutroaz, bestalde, “berriz ere euritan”, “beti euritan”, “ze pena, euria ari du”, gisa horretako zerbait esan baitu—, ezin dio haren aurpegia ikusteko gogoari eutsi —bere mespretxua aurpegira erakusteko gogoari, hobe esan—, nortasunean, bere izatearen barne-muinetan iraindu bailuten sentitzen baita.
Trantsitora ateratzen denean, ordea, hutsik aurkitzen du. Kexatia bere alboko konpartimenturen batean sartu bide da, ez baitio urruntzeko denborarik eman, lehenbizikoan edo bigarrenekoan gehienez ere, eta eskuinaldetik, handik baitzetorkion ahotsa; gainera, ezkerraldetik izan balitz, ikusi egingo zuen bera zegoen puntutik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario