2011-03-31

163. pasartea

Amak esan ohi zuen. Umetandik daki gizonezkoek ez dutela negarrik egin behar, alferrik delako besterik ez bada ere. Aingira baten azala bezain hotza eta hezea du bekokia zerurantz altxatzerakoan. “Nireak egin du”. Esaera horretan laburbiltzen da, heriotzaren atarian, erretorikarik gabe, haren onarpen etsi eta duina. “Nireak egin du” esaten entzun zion Ismaeli, eta “nireak egin du” esan zuen amonak ere, gaixotutakoan oheratu zirenean, izara berberen artean biak, amak laster, bezti zezaten, kartzelako atarian utziko zituen hariz bordatutako izaretan; eta berari ere heldua zitzaion “nireak egin du” esateko garaia. Ez zegoen bueltarik.
Amak mina ematen zioten oinetako haiekin kalera bidaltzen zuenean bezala, berak, mina hartzekotan, abarketak nahiago izaten zituen arren.
Horretaz gogoratuta eskatu zuen eskuila eta betuna ekar ziezazkioten, zapata beltz muturluzeak garbitzeko. Eskakizun harrigarria dirudien arren, Iñaki Abaituak kapilauaren ahotik jaso zuen gertakizun bakanetarikoa. “Ezkontza baterako prestatzen ari bailitzan” izan ziren kapilauak esan zizkion hitzak, eta funtzionario galiziarra haiek garbitzeko eskaini omen zitzaion. Galiziarra ez zen gizon txarra.
Edozein modutan, oinetako haiek ez zuten lustre beharrik, erabili gabe baitzeuzkan, dendatik irten berriak irudi, txarolezkoen antzera dizdizka.
Gustuko lana zuen, ordea, zapatak lustratzea. Huraxe zen, Ismaelengandik ikasita, egiten zekien etxeko lan bakarra. Ismaelek, berriz, soldaduskan ikasi omen zuen, bota luzeak beste inork baino distiratsuago erabili nahi izaten zituen kapitain baten asistente zerbitzatu zuelako, berak esaten zuenez. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario