2011-03-31

203. pasartea

Abokatuak kontatu zion hori ere. Hark Daniel Zabalegiri entzun omen zion, esplikatu zionean ez zukeela bere burua entregatu behar lehenbizi abokatu bati deitu gabe. Baina Daniel Zabalegik ihardetsi zion ez zuela Roketxin beste inor ezagutzen, eta hari ez zegoela edozer gaiez aholkurik eskatzerik.
Deitu, Daniel Zabalegik Betroitzakoari deitu zion, goardia zibilak etxean agertu ote ziren jakin nahian. Eta Betroitzakoak Solanatarrak atxilotu zituztela esan zion, senar-emazteak, eta goardia zibilak kalean burua galduta bezala zebiltzala, Losadaren hilketa haiek ordaindu beharko zutela esaka —Solanatarrek, alegia—, benetako erruduna agertzen ez zen bitartean.
Orduan erabaki zuen lehengusuen baserrira joatea, mendian bi egun eman ondoren bustita eta zikin baitzegoen, eta ez zuen itxura hartan azaldu nahi; ama ez kezkatzearren, batik bat. Eta etxeko gizonak sutondoan oinutsik ageri diren eszena deskribatzen da: artilezko galtzerdiak lukainken artean esekitzean, besagainetik ukalondora omen doakion erreumaz kexu ari den zaharra, bazter batean maindire gainean babak aletzen ari den atsoa, oinetan disekatua dirudien katu zuri iharra duela. Nahi adina denbora gera daitekeela esaten dio gizon gazteak, lekua soberan dutela eta lana ere bai, nahi izanez gero, barnean gehiago kanpoan baino, zoritxarrez ez baitzuen atertzen. “Ezta atertzeko itxurarik ere”, zaharrak, leiho laburretik berde umelean doan trenaren marra beltzari so.

No hay comentarios:

Publicar un comentario