2011-03-31

194. pasartea

Trenean jakaren goiko patrikatik ateratzen du lorea. A rose is not a flower. A rose is a rose, a rose. Oraindik ere jadanik urruna den eszena hura du gogoan, Julia Hondarribiko etxean ezagutu zuenekoa. Albertok eraman zuen. Besteek, Abel, Ion eta gainerakoek, artean ez zuten harenean egoteko ohiturarik. Alfonbra zurian eseri zen hura orduan ere, hala egitea gauzarik naturalena bailitzan. Zigarroari eusteko modua, hatz txikiaren eta ondokoaren artean, bitxia iruditu zitzaion, eta nola erabiltzen zuen eskua, libre bailuen, errauts punta luzea zintzilik. Alfonbraren litsak orrazteko, adibidez. Gehienetan horretan jarduten zuen, gainerakoek hitz egiten zuten bitartean. Hatz gihartsuak zituen, irmoak, azazkal laburrekoak, maskulinoak. “Adi —zabalik erakusten zituela— hauek gustuko dituen gizonaren sexualitateari” esan zuen behin, norbaitek eskuen edertasuna aipatu zuenean.
Ezagutu zueneko hartan, Julia larrosaren petaloak igurzten ari zen hatz lodiaren eta erakuslearen artean. “Hau da Julia” esan zuen Albertok, “eta hemen, gure hizkuntzaren habea”. Larrosa altxatu zuen diosal gisa. Iñaki Abaituak parean jarri eta eskua luzatu zion. Juliak heze zituen begi beltzak, dirdaitsu. Zertxobait edanda zegoen beharbada. Luzatzen zion eskua bereen artean hartu zion. Gero, bereganantz tiratuz, belaunikatzera behartu zuen. Irribarrez zegoen, ozta-ozta itzal leun bat zen irribarre tristeaz, larrosa, delikadezia handiegiz, esku zabalean jarri zionean. “Larrosa ez da lorea, larrosa larrosa da...”. Gero, bat-batean, zangoen indar hutsez altxatu zen. “Zerbait hartuko duzue.”

No hay comentarios:

Publicar un comentario