2011-03-30

239. pasartea

Sekula ez zuen uste izango era hartako galdera bati egiaz erantzuteko gauza izango zenik. Berez, erantzuna ez zen erraza. Hura etxean ez egoteak ziurtasunik eza esan nahi zuen, zalantza. Irtenbide zuzena aukeratzeko denbora irabazteko asmoz, ea hori zergatik zioen galdetzea ere pentsatu zuen. “Zer, alde egin dezadan nahi huke, ezta?”, insistitu zuen hark, ordea, eta beharbada pentsatzen segitzeko astirik ezean, baietz erantzun zion.
Inoiz ere ez zuen uste izango halako erantzun bat emateko gauza zenik, baina azkenean, ikara hutsez, baietz esatea lortu zuen.
—Nahiago nikek joango bahintz.
—Ba ez daukak Bartzelonara eramatea besterik —erantzun zion, eta gero isilik iraun zuen. Isilune luzearen ondoren, “han ezagutu gintuan, oroitzen?” esan zuen, eta Iñaki Abaituari Coll del Portelleko taberna etorri zitzaion gogora, txoferrak martxan jarri ezin zuen funerariako furgoia, eta jendea bultzaka. Oroitzapenak irribarrea loratu zion. Ortiz de Zarate txantxetan ari ote zen pasatu zitzaion burutik, baina hark, pentsamendua irakurri bailion, serio ari zela esan zuen.
—Serio ari nauk.
Salan janzten zen bitartean, Bartzelonara eramateko modurik egokiena pentsatu beharko zuela esaten zion bere buruari, baina bazekien Susanarekin bidaliko zuela. Susana zen biderik egokiena; egokiena ez ezik, perfektua. Inongo goardia zibilei ez zitzaien burutik pasatuko Susanari karneta eskatzea. Esan egin zion: Bartzelonara eroso, auto onean eta laguntza ezin hobean eraman zezaten lor zezakeela. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario