2011-03-31

185. pasartea

Susanarekin han bertan egon zen egunean, fragmentazioaren literaturak duen barne-armonia ere —Butorren hitzetan, “historiaren linealtasun konbentzionalarekin bat ez datorren ordena ezkutua”— antzeko zerbait izan zitekeela sumatzen zuen, haren aurpegi negartiaren ikuspenari ihes egitearren, oinetan, distiratsuak ziren mosaiko zatiei so, beren osotasunean ez bide zuten egokitasun intimoa atzematen zielarik.
Orduko egoera, sentimenak misterio baten esentzia atzematear daudenean bezala —nondik datorren ez dakigun urrina usaintzean, edo doi-doi entzuten dugun melodia maite bat urrunean sumatzean bezala—, erosoa, perfektua gertatuko zitzaiokeen, baldin eta Susana, bat-batean, arrazoi jakinik gabe, aurpegia bere esku laburretan estali eta negar-zotinka hasi ez balitz. Bere harridurarako, erabat egiati zirudien, aiene luzeen artean, “hainbeste sufriarazi didazu”, “hain handia da eragin didazun sufrimendua” esaten zuela.
Salguè utzi eta hamabosgarren egunera suertatu zen. “Lozorro” sarreran —aldian behin, hiru dozena hitzen buruan ohi bezala—, korapilatu egin zitzaion lana. Bestalde, Teseu-ren zortzigarren kapituluaren hastapenerako —”Gazte bat ikusi nuen sartzen, nire adinekoa gutxi gorabehera. Oso luze zeramatzan ile horailak kiribiletan erortzen zitzaizkion” e.a.— gogaiturik zegoen jada Gide zaharraz eta greziar mitologian girotutako sentsualitate homosexualaz, baina, ohi bezala, hoteleko bakardadeak desesperatzen zuen batez ere.
Hoteleko bakardadearen hotzak. Hotel guztiak, hoberenetik eskasenera, girotzen dituen tristuraz inguraturik, intimitatea altzari anonimoz apaindurik sentitzeak pertsona asko bultzatzen dituen desesperantzan murgildua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario