2011-03-31

197. pasartea

Iñaki Abaituak, ezinbestean, amorru bizia sentitu zuen Albertoren kontra. Gorroto zuen haren aurpegi biguna, zuloak gorantz erakutsiz beti usnan ari bailitzan okerturiko sudur biribila. Eta gorroto horrek errudun sentiarazten zuen, bai baitzekien ez zela harena errua, kontsekuente izatera behartzen zuelako, berea baizik, ahula eta koldarra izateagatik. “Bai noski” irribarretsu esatea lortu zuen, baina ondoren ez zuen etsi janzkerari buruzko aipu mingots bat egin gabe. “Gorbata erabiltzekotan, noizbait aldatu behar hukek” bezalakoa. Albertok beti gorbata bera erabiltzen baitzuen, granate bat, ilunagoa korapiloan, inoiz ez zuelako desegiten.
Biharamunean, Gavirian agertu zenean, urdin ilun bat zeraman, marratxo zuriduna, eta, erakuste aldera, bi eskuez estutu zuen korapiloa. Gero atzerantz bota zuen ile bustia. Gerra aurreko eran orrazten zuen, distiratsua ageri zuelarik beti, koipearen edo brillantinaren eraginez. Terrazan eseri nahi izan zuen. Ez zuen ahaztua terrazetan eserita egoteko gustu madrildarra, baina Iñaki Abaituari ez zitzaion ideia egokia iruditu. Melitón Manzanas torturatzailea bera, ETAk 68an hil zuena, han bertan, aurrez aurre, Mónaco kafetegiko terrazan eseri ohi zen, lotsagabeki, jendea pasatzen ikusteko.
Horretaz hitz egiten ari ziren Ortiz de Zarate azaldu zenean. Terrazak, berez, zelataleku aproposak ziren, zaintzeko zainduak izateko baino aproposagoak —imajinaezina zen poliziagandik ihesi zebilen norbait Gaviriako terrazan eser zitekeenik—, eta lekurik seguruenak, jakineko gauza zen hori, baina hala ere, presaka zebilenez, barruan nahiago zuela erabaki zuen. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario