2011-03-31

159. pasartea

Hosto jausi bat jaso zuen lurretik —”ez genuke udazkeneko orbela miretsiko udaberriaren ziurtasunik ez bagenu”—, okrea zen alde batetik eta berdea bestetik. Alkandoraren besoaz garbitu zuen, arretaz. Mamitsua zen, labaina. Bere bizitzaren azken egunean, zeinu hori bera errepikatuko zuen, orri bat lurretik hartu eta, jakaren besoaz garbitu ondoren, barne-sakelan gordetzea.
Bere azken egunak ziren jada. Badiaz bestaldetik, Kasinoko terrazatik gehienetan, magnoliaren hosto okre eta berdeak bereiz zitzakeela uste zuen, eta bereiz zitzakeen agian. Artean hiztegiaren fitxak erabiltzen zituen, hitz bakanen bat idazteko, ohar galduren bat, eta haietako bat igorri zion Juliari Hendaiako postetxetik.
Unamunoren zerbait izaten zuen belaunetan, mokoka ari litzatekeen oilo batek bezala tarteka irakurtzen zuena —”Gusto de las lecturas de azar, del azar de las lecturas, a las que caen, como gusto de tomar todas las tardes, después de comer, el café aquí, en el Grand Café de Hendaya”—, hark Hendaiako exilioan idatziriko geografia sentimentala batez ere —”Jaizquibel Cabo Higuer Fuenterrabía/mi humilde Bidasoa Irún / Golfo de nuestro amor Vizcaya mía / San Miguel en Larrún / Hendaya Hen­daya—, edertasun hari errenditua baitzitzaion, Julia gomutan beti, bere barne-exilioaren ibai, ibar, itsaso eta hondartza zabalen izena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario