2011-03-31

167. pasartea

Bestalde, gorpuak zapatei zor dizkie, ongi lustraturik daudenean —kandelargien islapean, hobe—, beilan izan ohi duen solemnitate berezkoaren hiru laurdenak, eta horregatik dirudite handiago abagune horietan, beren betekizunaz jabetuak direlako. Eta ez da zapata bat galdutako gorpuarena baino irudi babesgabeagorik. Lokatzetan galdutako zapata batek sinbolizatzen du zehatzen heriotza bortitza, bortizkeriaren miseria, miseriaren hondamena.
89 aldiz agertzen dira zapatak Hamaika Pauso-n, aipatuko ez den filologoaren esanetan. Mila hitzetik bat, eta zerbait esan nahi omen du horrek.
Heriotzarako aukeratu dituen zapatak lurrean, bi oin hutsen artean, lau hanka bailiran, beraz. “Eguraldi grisa dator” esan du galiziarrak, eta Daniel Zabalegik, oin puntak altxatuz, behatzak mugitu ditu gora eta behera, azken atsedenuneaz profitatuz. “Ona amuarrainetarako” erantzun du. Gero, jantzi egin ditu zapata berriak. Damu du amarekin gogorregia izana. “Izan ere, ibiliko ditudanagatik...” esan baitzion. Korapilo onak egiten saiatzen da. Tinkoak, aska ez daitezen, eta era berean, guztia bukatu eta gero kendu behar balizkiote, erraz deskorapilatzeko modukoak. Ez da ausartu gauzak nola izango diren galdetzen, eta zer egingo duten gorpuarekin, baina, nolanahi ere, ez luke nahi, biluztu behar balute, indarrean trata lezaten.
Bezperatik jakin zuen ez zutela garrotez hilko, fusilatu egingo zutela. Galiziarrak zioenez, hein batean suertea izan zuen, duinago baitzen armaz hiltzea. Eta hala uste al zuen erantzun zion berak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario