2011-03-31

211. pasartea

Taldearen atxiloketa “ikus-madarikatu” atala Bartzelonako ordenagailuan sartzetik itzuli eta egun gutxitara gertatu zen.
Ergobiako auzoan gazte bat hil zuten egunean. Zehatzago esateko, gazte bat Ergobian hil zuten egunaren arratsean. Edo biharamun goiza zen jada. Juliaren etxean izan zen. Julia eta Iñaki Abaitua bainugelan zeudela. Edanak pasatuta zeuden, eta Iñaki Abaituak “maitasuna egin nahi nuke” esan zion, besterik gabe, esateko gauza ote zen jakiteko.
Juliaren etxean da, salan. Heriotza horretaz mintzo dira, edo garai hartan gertaturiko hainbat heriotzatako edozeinez. Julia alfonbra zurian eserita, erdi etzanda, edo erabat etzanda, ukalondo baten gainean. Ane, Abel dagoen besaulkiaren besoan eserita, honek dioena azpimarratuz, edo errepikatuz, hizkuntza berean eginiko bat-bateko itzulpenaren parodia bailitzan. Noizbehinka, esku bat besagainean jartzera badoakio, edo beste edozein fereka entseiatzen duenean, Abelek, zakarra izatera iritsi gabe, gutxienez lehorra den mugimendu batez eragozten dio. Arantxa, berriz, ohi bezala, larruzko puf gainean eserita, zango gurutzatuak Ion besaulki bikoitzean erdi etzanda dagoen aldera dituela. Alberto aparte, liburutegiak eratzen duen angeluan, zurezko zarabandan, astiro kulunkatzen.
Iñaki Abaituak hitz egin du azken. Leihoaren kontra dago, zutik, bekokia kristalari emanda, beso bat buru gainetik tolestatua eta hura ere kristalaren kontra. Arrainarentzako kamioiek lan klandestinoan dirudite Kofradiako argi-zirkulutik agertzen eta desagertzen direnean.
Gau depresibo baten ziurtasuna du Ioni erantzuteko itzultzen denean. Bai, hartuko luke gin-tonic bat. Gin-tonic edateko ordua iritsi da, hoberenak nork egiten dituen eztabaidatzekoa. Gero, bigarrenarekin, non afaldu eztabaidatuko dute. Egunero bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario