2011-03-31

164. pasartea

Eta umore oneko zegoenean etxeko denak garbitzen zituen. “Ekar itzazu oinetakoak, Maria, garbituko dizkizut eta” esan ohi zuen igande goiz batzuetan, eta sukaldeko leiho ondoan aritzen zen, arabiar kutsu urrunez ukituriko melodia monokorde bat, beti bera, kanta-marmarrean. Sekula ez zuen beste eginkizun batean ikusi.
Umore oneko zegoenean “lapikoko tapa” esaten zion Mariari. “Nire lapikoko tapa”. Hori dakarkiote gogora zapatek. Bere azken zapata haiek dotoreak ziren, arinak, luzeak, larru leunez jositakoak. “Dendan zeuden hoberenak” esan zion amak lokutorioan ekarri zizkion egunean, eta harro zirudien. Hain zuzen ere harro eta pozik zirudielako igarri zion Zapateroneko karlistak doan emanak zirela —infernuan ere lagunak behar direla pentsatuz, ziur asko— eta normalean era hartako oroigarri eta faboreak, herrian aintzakotzat zutela erakusten zuten neurrian atsegin bazituen ere, orduan ez zitzaion gustuko gertatu. Horregatik, amak, “dendan zeuden hoberenak” edo “garestienak” esan zionean, bera ezin izan zen isildu, eta hain onak erosterik ez zuela merezi erantzun zion petral samar. “Izan ere, erabili ahal izango ditudanagatik” esan zuen, samintzeko asmo gaizto nabarmenez.
Bere zakarkeriaz damu da, dudarik gabe, bi oinetakoak magalean hartzen dituenean. Zola erabili gabea jela bezain labaina dute, eta larru berriaren usainak badu tabako gorriaren urrin-ukitua. Ez zuen argitasun handirik behar oinetako haiek jantzita hilko zutela imajinatzeko. Ez da aurresentipena, ziurtasuna baizik, gertakizun bat ia, bere oin izoztuak larru horretan, horretan hain zuzen, paralizatu eta ustelduko direla, hil ondoren eranzten ez badizkiote behintzat. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario