2011-03-31

202. pasartea

Eta zeru grisa ebakitzerik lortzen ez zuten mendi beltz pinudiz estaliak azaltzen ziren, eta ibai beltza, zeraman zaborra ertzetako sastrakaren kontra igurtziz kentzeko eginahalean; baserriak, beren harri pobreak hezetasunak ilunduriko karez estalita; eta ikusten ez baditu ere, imajina ditzake haien sukalde kez belztuak, zurminak jota, eta artilezko galtzerdiak zintzilikatzera sukalderaino hurbildu diren etxekoak. Brinkolan izan ohi zuen pertzepzio hori, eta horregatik, Brinkola hartuko zuen Daniel Zabalegi ihesi dabileneko ezkutalekutzat.
Berez, Daniel Zabalegik ez zituen Brinkolako lehengusuen baserrian eman Tupa eta Garmendiaren atxiloketaren berri izan zuenetik etxera itzuli zen arteko bi hilabeteak. Bere burua goardia zibilari entregatu artekoak, alegia. Bere burua entregatu nahi zuelako itzuli baitzen etxera.
Daniel Zabalegiren abokatuak Iñaki Abaituari esan zionez, momentu hartan abokatu bati, eskasenari, aholkua eskatzerik izan balu, ez zukeen bere burua entregatuko, eta bizirik jarraituko omen zuen. Ez zuen abokaturik, ordea. Berez ezagutzen zuen bakarra Roke Andonegi zen, frankista bat, Cámara Agraria-koa, herrian Roketxin esaten ziotena.
Roketxin esaten zioten, baserritarrak etxera joaten zitzaizkionean —bera baitzen paper jira guztiak egiten zituena— “Ave María purísima, Roke etxin?” galdetzen zutelako, eta egun batean emazteak, erdalduna izaki, errietan egin omen zion, ea nola onar zezakeen, hain kategoria handikoa izanik, ezjakin haiek, Don Roke erabili ordez, Roquechin bezalako txikikari barregarri batez trata zezaten. Eta Roketxinekin geratu omen zen. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario