2011-03-30

227. pasartea

Berehala jakin ahal izan zuen, egiten zizkioten galderen arabera, ez zituztela Ortiz de Zarategatik atxilotu, edo A-ko hilketarekin lotzen zituztelako, Abel Osak komunistekin zituen harremanengatik baizik.
Abel eta Ane berak iritsi baino lehenago alde eginak zirela deklaratu zuen, goizeko ordu biak aldera. Eskola lagunak zirela, jesuitetan ibiliak. Ea komunisten aldizkarian idazten zuen galdetu zionean, berriz, aukeran nahiago zukeela El Alcázar-en argitaratu erantzuteko umorea izan zuen, eta zaharrak ez zion batere estimatu, “listo hau zurgindegira jaitsi beharko genuke” esan baitzion gazteari. Eta berari ea ba al zekien behean zurgindegi bat zutenik, eta berak baietz ihardetsi zuen, hori jakiteak sotoko tortura aretoaren berri emana zuten panfletoen irakurle behintzat bazela aitortzea esan nahi zuen arren.
Azkenean, zaharra irten egin zen, eta ez zuen ostera ikusi, libre uzteko garaian argazkia atera zion arte. Bitartean, gazteak pistolaz apuntatzen jarraitzen zuen, baina federik gabe, oinetakoetara, eta itaunketa pertsonal bati ekin zion, bere kontura bezala. Ea familiarik bazuen, adibidez, eta ama zuela jakin zuenean, kezkaturik egongo zela, eta gisa hartako gauzak.
Leihora hurbiltzeko baimena eman zion, eta Zumalakarregi ibilbidea ikusi ahal izan zuen, baita Ondarretako lorategiaren zati bat ere. Itsasoaren zaporea sentitzen zen, eta bizitzarena. Dena zen normala, eta bere arruntean, harrigarria gertatzen zitzaion ikusten zuena. Lanerako bidean zihoan eta zetorren jendea, semaforo gorrian gelditzen eta ostera berde jartzerakoan ibiltzen hasten ziren gizon eta emakumeak, umez betetako autobusak. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario