2011-03-31

165. pasartea

Eta ideia hori harrigarria gertatzen zaio, gauza arruntenak miresgarriak iruditzen baitzaizkigu, begi eta zentzu berriz jantziak —lehen aldiz ikusitakoan bezala— ulermenaren bidez gerturatzen gatzaizkienean; hodeiak ur ttanttaz osaturik daudela, adibidez, edo urdinetik eta horitik sortzen dela kolore berdea.
Lurrean bi oin biluzien artean utzi zituen. Begi-bistakoa zen orkoi luze zorrotz hura ez zela bere oin lodi eta batez ere zabalentzat aproposena. Behatzak mugitu zituen, oinazerik ezaren plazerra dastatuz, janztea gerorako utziz. Denbora zuen. Hori erantzuten zion galiziarrari, denbora zuela —gaua luzea zela ere bai—, hark aitortzeko gomendioa egiten zion bakoitzean. Askotan, kapilauaren bidez jakin zuenez: “Un funcionario, un buen hombre, le recomendaba insistentemente el consuelo espiritual de la confesión”. Gizonak, bere zentzu on eta pragmatikoaren ikuspegitik, ezin ulertu omen zuen zergatik ez zituen, badaezpada, Jainkoarekikoak kitatzen: infernurik ez bazegoen, alferrikako lana gehienez, eta, nolanahi ere, hainbesterainoko eginkizuna ere ez zen aitortzea.
Bakarrik geratu denean —militar manta marroi batean bildua, bizkarra horma hezearen kontra, bi zapata beltz distiratsuak oin hutsen artean, lau oin bailituen— burua pentsamendu gaiztoetatik ihesi, eginkizun ezdeusetan saiatu da: lurreko baldosen kontaketan, edo kartzelari galiziarrak korridorean agertzen denetik desagertzen den arte zenbat pauso emango dituen asmatzen. Begiak itxi bezain pronto, ordea, irudi desatseginak datozkio gogora, hala nola ibai ertzean abandonaturik azaldu ohi ziren oinetako ahozabalak, iltzetxoen hortzak agerian, eta haiekin batera Urolan, bi hatzez baliatuz, lodiarekin pintza eginez harrapatzen zituen aingirak. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario