2011-03-30

233. pasartea

Giltza eman zionetik, ez zen inoiz ere sentimendu bikoitz hartara egokitu. Batez ere kanpoan egun batzuk egin ondoren etxeratzerakoan. Igogailuan sartu orduko, nahitaez, sentimendu hark ate aurrean belaunikatzera behartzen zuen, azpitik haren presentzia salatuko zion argitasuna atzeman nahian.
Alde batetik, ezin normalagoa denez, etxean bakarrik egoteko gogoa izaten zuen, bere ohean lo egitekoa batez ere. Hura etxean aurkitzeak, ordea, segurtasuna ematen zion, hartara bai baitzekien poliziaren eskuetan behintzat ez zegoela eta bera ere arriskuetatik libre geratzen zela.
Lehenbiziko egonaldietan, Ortiz de Zarate salan egon ohi zen, bera noiz etxeratuko zain. Gehienez, garagardo baten bila sartzen zen sukaldera. Inoiz elastikoren bat ere hartu zion komodatik, eta horrek, hasieran, poztu egin zuen, gezurra badirudi ere. Haren borrokan gorputzez zuzenki parte hartzen zuelako sentsazioak poztu zuen.
Horrela sentitzen zuen. Dena esateko, ez zitzaion atsegin arropa erabil ziezaioten, ezta berak besteenik erabiltzea ere, eta kontuan hartzen zuen zein zen hark erabilitakoa, berriro ez janzteko.
Dena den, giltza eman aurretik eskaini zion ohea, esanez berak salako sofa gainean egingo zuela lo, berari ez zitzaiola axola egun batzuetan —pare bat eguneko egonaldia izango zela esana zion Albertok— salako sofa gainean lo egitea.
Eta egia zen, sofan lo egin beharra ez zitzaion gogorra egiten, baina goizetan gelan sartu gabe moldatu beharra bai, beharko zituen jantziak bezperatik hartzen saiatzen zen arren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario