2011-03-31

153. pasartea

Iñaki Abaituak begiak itxi zituen, irudien kalitatearen arabera filmak hasieratik ikustea merezi zuela pentsatuz, beharbada, eta itxi bezain laster gogora etorri zitzaion zein zen minutu batzuk lehenago sarreran berreskuratu ezin zuen irudia. Film baten iragarkiari zegokion, non adreiluzko horma batean kill hitza ageri baitzen gorriz, odolez idatzita bezala, tantak irristaka, eta bikote bat hormaren kontra lehen planoan. Sarreran begiratu gabe ikusi zuenari zegokion, eta erabateko zehaztasunez gogoratu zuen Olympia izeneko zinematokiko horman, Ortiz de Zarate zihoan aldeko leihatilatik, ikusi zuena. Emakumea soineko beltzez jantzita azaltzen zen, azpiko gona hutsez, ziur asko, lepoko zauri batetik odola bular artera zeriola, eta haren atzean sortaldear itxurako gizon batek, esmokinez jantzita, labana odoldua zeukan airean jasota.
Daniel Zabalegi zekusan erretrobisorean, modu baldarrean korrika, airean zerbait erakusten zuela hura ere, eta gelditu egin zuen autoa zer nahi ote zuen jakiteko. Gogoan du haren esku zapala, ahurreko zimurrak koipe beltzez tindatuak, eta ustez Ortiz de Zaratek nonbait ahazturiko metxeroa. Pozik zirudien aurkikuntzaz, “gauza hauek balio dutenagatik baino gehiago estimatzen dira batzuetan” esatean, eta irribarre egin zuen. Ortiz de Zarate autotik irten bazen ere, oso ongi entzun zien hitz egin zutena, leihatilatik zekusan kartelari so, “Cine Olympia hoy” iragarkiaren azpian, eta gogoan du, zergatik jakin gabe, Robbe Grillet-en Project pour une révolution à New York ekarri ziotela gogora bikote hark eta adreiluzko horma odolduak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario