2011-03-30

229. pasartea

Ez du sekula ahaztuko ikara sentitze horren ondorio diren lotsa eta umiliazioa. Pistolaz apuntatzen ari zaionari komunerako baimena eskatzeko, inkontzienteki, hatz bat altxatzen duenean. Bere buruarekiko lastima, azken tramite gisa argazkia egiteko eserarazten dutenean, eskuak nahi gabe ilea orraztera doazkionean; sentitzen duen pena, bere pertsonarekiko nazka, taula zuria eskuartean —”badoa, badoa txoritxoa”— argazkilariari irribarre egiteko masailak kizkurtzen dituenean. 
Gero, bere esker on zintzoaz lotsatu beharko du, zaharrak, bi hatz horitu sudur aurrean klaskatzen dizkiola, “hala, joan hinteke hemendik” esango dionean —zalantza du “eskerrik asko, pozten naiz dena argitu bada” ez ote zion erantzun—, edo pozaren pozez atezain dagoena besarkatzeko gogo aitorrezina sentitu duelako.
Ezingo du ahaztu nola gazteak, pistolaren kanoi zuloari begira, esan duen tristea dela beti hodeipean bizi beharra. Eta nola bera isilik geratu den, hodei zoragarriez mintzo den poema baten oihartzuna gogoan. Koldarkeriaz. Baina badia gainean ekialdera hedatzen ikusten dituen hodei beltz eta okreak edertasun galant eta heldu batez beteak iruditzen zaizkio, eta libre, literalki libre izatearen arintasuna sentitzen du aire heze gazia hartzerakoan.
Zer esan ez zekielarik, “hodei zoragarri horiek” esan zion Albertori, eskuaz seinalatuz, Pepe tabernako atean ikusitakoan, eta ozta-ozta eutsi zien malkoei besarkatu zirenean. Ez zuela deus hartu nahi esan zion; itsasoa ikusi nahi zuela, urteetako ausentzia luze batek eraginiko antsiaz, eta bide batez alderdi hartatik ihes egin. Baina Albertok bere garagardoa ukitu gabe zuenez, bat eskatu zuen berak ere, eta tragoz edan ondoren, beste bat. Amari deitzeko profitatuko zuela.
—Beti amatxo.

No hay comentarios:

Publicar un comentario