2011-04-01

139. pasartea

Iñaki Abaituak bere esku hutsei begiratu zien, erantzuna haietan aurkitu nahian.
“Ez zenuen aipatu behar”, esan zuen, benetan tristea zirudien ahotsaz. Gero, “ez naiz lotsatia” erantsi zuen, “ahula naiz, eta batzuetan, indartsuak alde egiteko kemenik ez duenean, ahula egoten da alde egitera behartuta”. Ez zegoen ziur alderantziz ez ote zen, baina ez zitzaion asko axola. Susanari ere ez zirudien asko axola zitzaionik: isilik geratu zen, aipuak txunditurik. Beharbada, ez zuen sinesten Iñaki Abaitua oinez abia zitekeenik, gauez eta bakarrik, bide ezezagun batetik.
Baina horixe egin zuen, besterik gabe, alde egiteko gauza zela egiaztatzeko asmo hutsez. Ez zuen despedida hitzik erabili, ate ondoan zintzilikaturik zegoen azeri berokia ferekatu zuen bakarrik, zeinu hura Susanari erantsi nahi bailion, eta kanpora atera zen.
Berriro ere itsaso barearen azal zilarreztatua, pinu beltzen gelditasuna, haize izpi baten esperoan. Alga usainaren ausentzia dastatu zuen airean, eta beste itsaso baten nostalgia. Gero eta azkarrago ibiltzeari ekin zion, eta azkenean lasterka hasi zen bidean gora, aldika harkaitzetatik zehar laburtuz.
Noizbehinka, arnasa hartzeko eskuak belaunetan kokatuz geratzen zenean, atzera begiratzen zuen BMWaren argiak ageri ote ziren. Baina ez zituen sumatu. Errepidera heldu orduko, ordea, linterna baten argitasun kulunkaria ikusi zuen aurrez aurre. Edo lehenbizi ahots marmarra entzun zuen, beharbada. Berehala ohartu zen zeri zegozkion biak, eta ukabilak estutu zituen sakeletan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario