Ezertan ez, erantzun zion, izaretan sartzeko nazka gaindituz.
—Ba orain oinak laztandu beharko dizkidazu.
Oinak, bernak eta izterrak miazkatu eta gero ere ahoaz jarduteko eskaria zen hura, baina ez zuen animorik fluxu usain mingotsari aurre egiteko.
Ezin zutela esaten zuen egun haietako bat izan zen, eta arreta handirik gabe masturbatu zuen, aldez aurretik plazerra lortzeko ahalmenari uko eginez. Hala ere, bainugelatik mintzatu zitzaionean, betikoa zirudien. Etxeko gauzez jardun zuen, senarraz, haurrek egindako edozein lerdokeriaz, gurasoek egin ohi duten bezala, gainerakoentzat garrantzizkoak bailiran.
Aldizka ahotsa altxatu beharrean gertatzen zen, kamioien zarata, leiho pareko aldapak agintzen zuen martxa-aldaketaren poderioz areagotua, gainditzeko. Diegoren deia jaso omen zuen Mexikotik, eta artean ez omen zen itzuliko beste hamabost egunean. Eta haurrei aita hegazkinetako pilotua zela sartu zitzaien buruan. Beti joan-etorrian ezagutu baitzuten, aireportutik bueltan edo aireportura bidean. “Umeen gauzak, badakizu”.
Ate ondotik zekusan, biluzik, konketa gainean makurtuta, eskuak bere espermaz garbitzen, ziur asko. Hori pentsatu zuen, bere hazi likina deserantsi nahian zebilela, eta pentsakizun hark samin zahar bat berpiztu zion.
“Bartzelonara eramango zaitut eta gero itzuli egingo naiz” esan zuen alkandora galtzetan barneratuz, konpostura berreskuratzen ahalegintzen zelarik. Auto hotsaren ñabardura definigaitz batek arratsaldea amaitzear zegoela adierazi zion.
Susanak kanila itxi zuen; gero, toailaren garbitasun halamoduzkoari buruz zerbait aipatu ondoren, ulertzen zuela, eta ez zuela Bartzelonaraino eraman beharrik, taxi bat hartuko zuela Lleidan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario