2011-04-04

10. pasartea

Argia egin zenean, denak higitu ziren eserlekuetan, jarrera desegokietan atzemango ote zituzten beldur bailiran. Ionek berak nagiak kentzeko zeinu nabarmenak egin zituen, eta Arantxa, zangoak desgurutzatuz, belaunak gona barnean gordetzen saiatu zen, mutilak haragiaren mardula aipatu zionean.
—Tentazio gorrian jartzen naun —esan zion, eta Arantxa gona luzatzen ahalegindu zen. Ionek besoa luzaturik zuen artean hormaren kontra, eskua bere atzeko etengailuan kokatua. “Gora bihotzak” esan eta barrez hasi zen, eztarrian trabatu ondoren eztanda egiten zuen algara harekin.
Iñaki Abaituak gorroto zuen barre-algara hura, zorionaren adierazpen gehiegizkoa iruditzen zitzaiolako, edo zorion gehiegizko baten erakuspen inozentea, beharbada. Ez zitzaion denbora asko falta Eduardo Ortiz de Zarate, Zigorrek, modu berean egiten zuela barre egiaztatu ahal izateko.
Ontziak garbitu beharraz hasi ziren. Normalean gizonezkoek afaria egiten zuten, eta emakumeak arduratzen ziren ontzi garbitzeaz. Baina Arantxak bere desadostasuna azaltzen zuen gauero. Ez zuela merezi, entsalada eta patata-tortila baten truke, gizonek uzten zuten zikinkeria hura guztia jasotzeko lana hartzea.
Hendaiako argien horitasunarekin batera, kristalean islaturik ikusten zituen Iñaki Abaituak. Ionen aurpegi zabal bizartsuak irribarre egiten zion, eta haren bi besoak gerri inguruan sentitu zituen bereganatu nahian. “Ez dezagun konposturarik gal”, esaten zion, berea imitatzeko ahotsa sakonduz.
—Batez ere ez dezagun konposturarik gal.

No hay comentarios:

Publicar un comentario