2011-04-01

96. pasartea

Egoera hartan edo antzekoetan gurutzatzen zituzten hitz bakanek osatzen zituzten haien solas urriak. Ortiz de Zarate ohean eta bera, atearen kexa isilarazteko eginahalean, komodarako bidean oin puntetan, eta makurturik gero, ustekabean harrapatua izateko sentimenduak ematen duen mendekotasun egoeran beti.
Jarrera horretan zegoen, eskuetan zituen galtzerdien kolorea atzeman nahian, hark ikararena aipatu zionean.
—Ikaraturik hago, ezta? —esan zion.
Ate aurrean egona zen, luzaroan, bestea esnatzeko arriskua hartzerik merezi ote zuen zalantzan, arnasa hartze sakona zainduz, baina azkenean, bezperan eginiko galtza eta galtzerdien konbinazioa hain iruditzen zitzaion desegokia, non irekitzea erabaki zuen, eta beti bezala, erroek kirrinka egin ez zezaten, kisketari gora eragin eta kolpera zabalduz sartu zen.
Eduardo Ortiz de Zaratek gau-mahaiko argia piztu zuenean, bera oinutsik zegoen, komoda aurrean makurtuta, eta lapurretan harrapatu balute bezala ikaratu zen. Ez zen jiratu, ordea. Bere hartan segitu zuen kaxoia aztertzen, zeren bila zebilen ere ahaztuta, besteak ohetik hitz egin zionean. “Esna nagok”, esan zion, “ibil hinteke lasai”, urduri egoteko arrazoirik ikusiko bailuen.
Ordulariari kuerda ematen entzundakoan itzuli zen. Beti bezala, zakarki ematen ziola egiaztatu zuen, koroari bueltak beti alde batera emanez alegia, eta ez leunki, atzera eta aurrera, itzuli erdika. Bere onetik ateratzen zuen tratu txar hura ikusteak; gau-mahaian uztean, adibidez, uhalaz babestu ordez, esfera zuzenean marmolaren kontra lagatzen zuen. Behin baino gehiagotan egon zen esateko, era hartan makinaren olioa hotzarekin lehortu eta erlojua hondatzeko arriskua zegoela, eta halakoetan, eskuetatik kentzeko gogoaren kontra borrokatzen zelarik, esfera zuri hartan gauzaturiko orduen oroitzapena amesgaiztoek ohi duten zehaztasunez etortzen zitzaion gogora.

No hay comentarios:

Publicar un comentario