2011-04-01

113. pasartea

Irudi horrek egarritu egiten du eta, ura edatera doanean, kaperara daramatela esaten dio funtzionario galiziarrak, eta denetik izango duela han, freskagarriak edo nahiko duen beste edozer. Hamarrak eta hamarretan paisanoz jantziak luma bat jartzen dio libre duen eskuan, heriotza bera baino krudelago den erritualaren aginduz, sententziaren ezaupidea sina dezan.
Labainkorra gertatzen zaio luma hotzak trakesturiko hatz izerditsuetan, bere izenari dagokion lekuaren bila irakurri nahi ez lukeen testuaren oinean, baina letra larriz idatzitako hitz ikaragarriak —”el consejo de guerra declara probados los hechos, que debemos condenar y condenamos, a pena de muerte”— mehatxatzaile nabarmentzen dira lerro hertsietan, eta azkenik, paisanoz jantzitakoaren azazkal luze horituak seinalatzen dion espazioan jartzen ditu izen-deiturak, ikara menderatuz.
“Hamarrak eta hamar zirelarik” idatzi zuen Iñaki Abaituak. Baina beste edozein ordu aipa zezakeen, helburua, ziur asko, denboraren joatea gogora ekartzea baita. Esan ohi zuen bezala, “le rest peu importe”. “Le rest peu importe” esan zuen beste hartan ere, eta fusilatutakoei pixa irteten zaiela hil baino lehen.
Brageta itxiz esan zuen, Juliaren gorputzaz libratu ondoren: “fusilatutakoei hiltzera doazenean pixa irteten zaie”. Lasagabasterrek, Ignacio Aldecoaz egindako azterketan, “imágenes fisiológicas de una verdadera angustia vital” deitzen zien haiek zituen gogoan. “Miedo a la vida cuando era libre, miedo a la muerte ahora que la sentía acercarse lentamente, desde la lejanía”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario