2011-04-03

59. pasartea

“Banoa ni ere” esan zuen, edo “zurekin noa ni ere”, eta gela gurutzatu zuen lurrean zeudenak zango luzatuak tolestatzera behartuz. Ate ondoan zain geratu zitzaion gero, eta alde egitera premiatzen zuela zirudien, han, zutik, bi eskuak galtzen patriketan zituela. Iñaki Abaitua bereak berriro haztatzera beharturik sentitu zen “tabakoa ahitu zait” murmuriatuz atera hurbildu baino lehen, eta gela barrenera begira —ordurako Ortiz de Zarate desagertua zen eskaileretan behera—, “berehala nator” esan zuen, Susanari kanpoan itxaroteko erabakia hartua bazuen ere.
Kalera irten zenean, Ortiz de Zarate aurreko espaloian zegoen zain, hormaren kontra, bi eskuak galtzen sakeletan hondoratuta, eta, begiztatu bezain laster, ordua galdetu zion lehen aldiz, Iñaki Abaituaren urrezko omegaren esfera zurian bostak izateko minutu gutxi falta zirenean. Gero, inguratu zitzaionean, eskua jarri zion bizkarrean “a ze giroa horkoa” esaterakoan. Edo adiskidetasun adierazpen horren ondoren galdetu zion ordua, “a ze giroa horkoa” esan baino lehen. Nolanahi ere, bezperako taberna berean zeudela bigarren aldiz galdetu zionean, bostak puntuan izango ziren.
Baina ez zion esan bostak zirenik. “Lehen baino hiru minutu gehiago” esan zion, eskariaren maiztasunaz ohartarazteko asmoz noski, baina ez zirudien bestea ironiaz ohartu zenik, “orduan bostak jo dute” ahomixkatu baitzuen, eta gero barrara inguratu eta “qué, ¿van dos Torres diez?” bota zuen, berari galdetzeko baino gehiago, tabernariari agindua emateko. Hala ere, berak baietz esan zion, Torres 10 hartuko zuela, eta kalera so geratu zen, Susana azalduz gero ikusi ahal izateko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario