2011-04-03

76. pasartea

Derrigorrezkoa zen Metchnicoff-en aipamena: “Metchnicoffek ongi dioen bezala, gure inteligentzia, hain ausarta, hain gogatsua, ia ez da heriotzaz arduratu”.
Gorputzari horman zehar lurrera irristatzen uzten dionean, mozkortzea erabaki du, eta erabaki hori hartzen duenetan gertatzen zaionez, asmoa bera aski bailuen, baldar ageri du mihia, kopa altxatuz “ad majorem Dei gloriam” mozkortzera doala esaterakoan.
Esaten duenaz arduragabetzeko modu bat da, egia esan ahal izateko aitzakia, jolas bat; azkenerako gainerakoek onartzen dutena ezin ulertuko balu bezala, gupidarik gabe mintzo baitira haren angustiaren azalpen obszenoaz.
Arantxak “kezka metafisikoak itsatsi du mutila” esaten duenean, adibidez. “Ezerezetik dator eta ezerezera itzultzeko angustia menderatu ezina”, jarraitzen dio Anek. “Beste problemarik ez duenaren problema”, Abelek. “Burges txikiaren penitentzia”, “angustia existentziala” eta antzeko ziriak tartekatzen dituzte amaierarik ikusten ez zaion gurpilean, harik eta Juliak, etxeko nagusia izateak ematen dion aginteaz, isilarazten dituen arte.
—Utziozue.
Bakean uzteko esaten die eta, belaunikaturik, besoak luzatzen dizkio hurbil dakion eskatuz, “zatoz, laztana”, haur bati bezala, eskuak ferekaz gainezka. Baina bera gerturatzen zaio belauniko, Iñaki Abaituak lurrean eserita irauten duenez, aurpegia belaun artean ezkutaturik, belaunak besoen artean bilduta, sorbaldan zehar trebeki mugitzen diren hatz gihartsu azazkal laburrekoen ferekentzat hotz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario